XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ondo lo egin, Pinpernelatxo!

Artilezko estalki batekin estali zituen biak, eta Pinpik eskerrik asko esan baino lehen, begiak itxi zitzaizkion.

Gaueko haizea belartzan lerratu zen.

Gaudeoren aitonak su txiki bat piztu zuen, eta honek argi eman eta berotzen zituen.

Gaudeok garrei eta txinpartei begiratzen zien bitartean, mila pentsamendu ari zitzaizkion irakiten buruan.

Zer egin behar zuten bi haurrek alperrontzi batek dena berak egin zezan eta beste inork zerbitza ez zezan?

Zer, alperrontziak ibiltzeko eta igeri egiteko eta igotzeko erabakia har zezan, aulkian hara eta hona eraman zezaten ordez?

Zer, kremazko pastelaren ordez ogia jan zezan, eta ardoaren ordez ura edan zezan?

Gaudeok bere aitonari begiratzen zion.

Suaren beste aldean zegoen eserita, belaunetan liburutxo bat zeukan eta antzara-luma batez letra apainduak margotzen ari zen.

- Zer ari zara idazten, aitona? - galdetu zion Gaudeok isilpeka.

- Aholku sail bat Alperrontzi eta antzekoentzat - erantzun zion artzain zaharrak ere isilpeka -.

Zuretzat eta neretzat eta gure gisako jendearentzat ez dago ezer berririk liburutxo honetan.